2.1. Sarrera
Norberaren Autonomia Sustatzeko eta Mendetasun egoerako Pertsonei Laguntza Emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak (AMAL), prozesu luze baten emaitza da, eta hartan honakoek berebiziko garrantzia izan zuten:
– Gizarte babes sistema hobetzeko eta garatzeko hitzarmena (Gobernuak, CEOE/CEPYMEk eta CCOOk 2001eko apirilaren 9an sinatua); bertan, beharrezkotzat jo zen mendetasunarentzako arreta bermatzeko moduari buruzko azterketa eta gizarte eztabaidarako epea zabaltzea[7];
– 2003ko urrian Toledoko Itunaren gomendioak berritzea; orduan, sistema integratua eratzea proposatu zen, mendetasunari orokortasunez heltzeko, eskumen banaketa aintzat hartuz, gizarteak eta herri administrazioak maila guztietan parte hartuz, babes sistema horrek bete behar lukeen eginkizuna definituz;
– 2004ko abenduan Espainiako mendetasun egoeran dauden pertsonenganako arretari buruzko Liburu Zuria[8] argitaratu izana. Bertan, zenbait alderdi aztertu ziren, hala nola oinarri demografikoak, araubide juridikoa, laguntza informala, gizarte eta osasun baliabideak eta baliabide soziosanitarioak, mendetasunari ematen zitzaizkion aurrekontuak eta baliabide ekonomikoak, mendetasuna baloratzeko eta sailkatzeko irizpideak eta teknikak, sortutako enpleguaren eta Mendetasunarentzako Arreta Sistema Nazionala ezartzeak eragindako ekonomia eta gizarte itzulkinen estimazioa, eta Europar Batasuneko eta ELGAko zenbait herritan indarrean dauden mendetasunarentzako arreta ereduen azterketa. Halaber, mendetasunari arreta emateko etorkizuneko sistema integralak aurre egin beharko ziekeen erronka nagusiak adierazi ziren[9];
– 2005eko abenduan, Gobernuak eta gizarte eragileek Mendetasuneko egoerentzako arreta babesteko ekintzari buruzko hitzarmena sinatu izana; bertan, honako helburua ezarri zen: "oinarrizko araua izango den lege baten bidez Mendetasunaren Sistema Nazionala bultzatzea".
Prozesu hori Nazio Batuek, batez ere Zahartzeari buruzko Bigarren Mundu Batzarrean, ezarritako ildoek eta, Europar Batasunaren testuinguruan, Lisboan diseinatutako estrategiak bultzatu dute[10].
Azkenik, AMAL 2006ko abenduaren 15ean argitaratu eta 2007ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean. Legearen xedea, Zioen Azalpenean dioenez, honakoa da: "lege honen helburu nagusia, ahultasun handiko egoeran egoteagatik, eguneroko bizitzako funtsezko jarduerak burutzeko, norberaren autonomia handiagoa lortzeko eta euren herritar eskubideak osorik erabili ahal izateko laguntzak behar dituzten pertsonen premiei erantzutea da".
Talde berezi hori babestu beharraren funtsik sakonena norbanakoaren duintasunean datza –Espainiako Konstituzioko (EK) 10. artikulua– eta honakoetatik dator:
– konstituzio ordenamenduaren balio gorenetako bat, hots, berdintasuna, artikulatzetik (EK-ko 1.1 artikulua);
– hari lotuta dagoen norberaren izaera zehatzagatik baztertua ez izateko funtsezko eskubidetik (EK-ko 14.1 artikulua);
– botere publikoek duten betebeharretik, alegia: "baldintzak bultzatzea pertsonaren edo horiek osatzen dituzten taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eraginkorrak izan daitezen, bai eta eskubide horien gauzapena zailtzen dituzten oztopoak kentzea eta hiritarren politika, ekonomia, kultura eta gizarte mailako partaidetza erraztea ere" (EK-ko 9.2 artikulua);
– EK-ko I. Tituluko III. Kapituluko gizarte oinarrietatik (batez ere 39.1, 49 eta 50. artikuluak); bertan, gizarte Estatuaren gizarte politika azaltzen da (EK-ko 1.1 artikulua), gizarte aurrerapenaren, (EK-ko 40.2 artikulua), bizi kalitatearen eta talde elkartasunaren (EK-ko 45.2 eta 139.1 artikuluak) alde.
Hortik dator botere publikoek bere herritarrak zaintzeko konpromisoa hartzeko premia, familiak edo merkatuaren eskaintzak ematen dituzten laguntzetatik harago, haiek, jatorrizko edo gertatzezko mendetasun batek eraginda, premia egoeran daudenean[11].
Espainiar Estatuak bere egiten du gai hori arautzeko lana, 149.1.1 artikuluaren babespean, zeinek xedatzen baitu Estatuak eskumen esklusiboa daukala "espainol guztiek eskubideak erabiltzeko eta konstituzio betebeharrak betetzeko berdintasuna izatea bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautze[ko]". Hori dela-eta, ez da gaiari buruzko ordenazio osoa eta bukatua[12]; hura osatzeko autonomia erkidegoek arautu beharko dute, gizarte laguntzari dagokionez, haiek bere egin dituzten eskumenen arabera (EK-ko 148.1.20). EAEk, hain zuzen ere, eskumen esklusiboa dauka gizarte laguntzari dagokionez, Autonomia Estatutuko 10.12 artikuluaren arabera. Foru Aldundiek, hurrengo ataletan azaldu eta aztertuko dugunez, AMALen arauzko garapena egin dute euren lurralde historikoetan aplikazio zehatza izan dezan.
AMALek eratutako sistema ez da Gizarte Segurantzaren esparruaren baitan geratzen, gizarte zerbitzu eta gizarte laguntzarenean baizik, Estatu Kontseiluaren martxoaren 23ko 333/2006 Irizpenak adierazi legez.
Araudi hori inspiratu duten printzipioen artean, besteak beste, honakoak daude:
– Mendetasunarentzako arreta prestazioen unibertsaltasuna.
– Prestazio horiek eskuratzeko berdintasuna eta bereizkeriarik eza.
– Prestazio horien izaera publikoa, zein ere diren zerbitzuen kudeaketa zehatzak hartzen dituen formak[13].
Zioen Azalpen luze baten ondoren, honakoek osatzen dute AMAL:
– Atariko Titulua, non xedapen orokorrei heltzen baitzaie.
– I. Titulua, zeinak bost atal baitauzka (sistemaren eraketa; Autonomia eta Mendetasunarentzako Arreta Sistemaren prestazioak eta zerbitzuen katalogoa; mendetasuna eta haren balorazioa; eskubidearen onarpena; eta sistemaren finantzaketa eta onuradunaren ekarpena).
– II. Titulua, hura ere bost atalek osatua (sistemaren kalitatea bermatzeko neurriak, mendetasunari buruzko prestakuntza, informazio sistema, iruzurraren aurkako jarduketa, eta AMASen kontsulta organoak).
– III. Titulua, arau hausteei eta zigorrei buruzkoa.
– Hamasei xedapen gehigarri, zeinetan AMALen eraketak estatuko araudian eragindako aldaketak ezarri baitira.
– Xedapen iragankor bi.
– Bederatzi azken xedapen.
[7] MONTOYA MELGAR, Alfredo et al. La protección de las personas dependientes: comentario a la Ley 39/2006, de promoción de la autonomía personal y atención a las personas en situación de dependencia. Zizur Txiki: Civitas, 2007.
[8] Atención a las personas en situación de dependencia en España. Libro blanco. Madril: Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioa. Gizarte Zerbitzuen, Familien eta Minusbaliotasunaren Estatu Idazkaritza. Adinekoentzako eta Gizarte Zerbitzuetako Institutua (IMSERSO), 2005.
[99] CAVAS MARTÍNEZ, Faustino eta SEMPERE NAVARRO, Antonio V. Ley de dependencia: estudio de la Ley 39/2006, de 14 diciembre, sobre promoción de la autonomía personal y atención a las personas en situación de dependencia. Zizur Txiki: Aranzadi, 2007.
[10] Batzordeak osasun laguntzaren eta adineko pertsonenganako arretaren esparruan epe luzerako hiru helburu lortzea proposatu zuen: irisgarritasuna, kalitatea eta jasangarritasuna (BAVIERA PUIG; 2008).
11] LAFUENTE BENACHES, María Mercedes. El reconocimiento de la situación de dependencia por silencio administrativo. Revista general de derecho administrativo 24, 2010.
[12] MONTOYA MELGAR, Alfredo et al. La protección de las personas dependientes: comentario a la Ley 39/2006, de promoción de la autonomía personal y atención a las personas en situación de dependencia. Zizur Txiki: Civitas, 2007.
[13] CALVO SAN JOSÉ, María José. Respuestas desde la Ley 39/2006 (RCL 2006, 2226) a las personas en situación de dependencia. Sentencias de TSJ y otros tribunales [lerroan], núm. 12 (2007). 2007/1352. Westlaw.es webgunean eskuragarri.